Quantcast
Channel: mikelazulo kultur elkartea
Viewing all articles
Browse latest Browse all 89

HOGEI URTEKO BIZITZAREN PINTZELKADAK.

$
0
0


Kaixo lagunak :

Ekainaren 9an 20 urte bete nituen. Zuen artean bizi naiz. Beheko kaleko 4. zenbakian, eskailerak jetxi eta sartuko zarete nire Etxean, Mikelazulon.
Ateak denontzat irekiak daude, Iñaki “rizos”zen laguntzarekin jantzi nintzen. Han barruan milaka gauza eder egin ditugu. Egunero harremanaren eta hitzaren gune zaindua izan da. Solastu elkarrekin, farre egin, pianoa jo, kitarraz lagundu, kontrabaxuz sakondu, kastañuelaz alaitu, aldamenean margotu, besteak dantzatu… ametsak elkarrekin diseinatu eta egiten saiatu. Hitz batez, norberekeria agoniko-telebisiboa-paralizatzaileari aurre egiteko bitaminak eskeintzen.

Gure egoitzan egiten ziren emanaldietan, batzutan, leporaino beteta egoten zen, beste batzutan talde txikia biltzen ginen. Bainan beti emankizun xume eta bikainak osatu nahian. Artista asko pasa dira handik. Ospetsuak dira batzuk, eta maite naute. Bainan gure kuttunenak izan dira lehen pausua ematera ausartu direnak: poema bat egin, musika bat jo, antzerki bat antzeztu, pinturak egin… hori egiteko adorea izan dutenak, eta egindakoa besteen aurrean aurkezteko ausardia izan dutenak. Adorea, ausardia eta edertasunarako borondatea, hasi berria izanda, hori txalotu dugu lehen lehenik bihotzez. Sormenerako altzo gozoa izan da Mikela.
Bainan milaka dira emozioz kargatutako esperientzia xumeak. Ikusi dut huskeria zirudien bainan gogoz egindako gauzatxo batetik nolatan garatu dira egitasmo sendoak. Ikusten dut oraintxe bertan, Mikela sortu berria zela, Iker Otxoa, orduko bulegotxoan lurrean marrazki batzuk egiten. 20 urteetan etenik gabe, nire paretetan zintzilikatu zirenen lehen margo-erakusketa. Nire espazioa, nire pareta bihurtu zen pintore artista hasi berrien erakustoki gozoa. Edo gazte ero poeta haiek, , “momodigidopos” izeneko aldizkaria..Hizkera berrien arragoa ere bihurtu ninduten. Eta hara! Aldizkari horrekin hasi zen Alfonso Sastrerenganaino eramango gintuen bidea. Eta nola ahaztuko dut urte hura, kuadrila handi xamar bat sexualitateaz solasean hasi ginenekoa! Hura egarria elkarri kontatzeko esperientziak eta gogoetak, sufrimenduak eta ametsak… Talde txikiagoak osatu genituen, astero edo bi asten behin solasean, hilabeteetan, zertan? Aske, imposizioz eta beldurrik gabe nahi genuen sexualitatearen aurkikuntzaren bila. Oi! Zein ederra zen nire altzoan babestea Inaxitok antolaturiko “Urrezko Zubia”: “Bizitzak zama bazaizu, lagundu nazakezu. Atoz urrezko zubira”. Bihotzean sartua dut Cristina Dong ginearra alaitasunez ekaitz bat bezala Mikelazulon “ambolo!” ohiuka sartzen zanaren oroimena. Eta xake partida haiek, goi mailako irakaslekin? Zenbat gauetan urtu naiz poesiara jaio berrien letren kilimetan eta Renatoren kontrabaxuen kulunketan! Ba al dakizue jaio berri berritan, haurtxo bat nintzanean, profeta bat ibili zela gure artean? Ibon Zabala zen. Oi Ibon! Nire bataioan bertso bat oparitu zidan eta hantxe iradoki zuen nire bizibidea. Eta joan egin zen!

Bainan ez naiz zuloan gelditu. Atera naiz, lehen lehenik, Beheko Kalera. Auzokideak abegikorrak izan dira. Gurekin gozatu ahal izan dituzte kalean bertan egiten genituen antzerkiak eta festak. Gure zarata modu onez eramaten zuten. Maitakorrak izan dira nirekin.

Eta handik herriko kaleetara, dendetara, eskoletara… ere atera naiz. Behin espaloietan oinutsik ibili nintzen nire lagunkide poeta, antzerkilari, pailazo, dantzari, musikariekin kaleak alaituz. Urte batzutan, oraindik ohiko ez zenean, urrutiko lurraldeetatik etorritako lagun batzukin “merkadiloak” antolatzen genituen Alamedan. Han dastatu ahal izan Mohamed lagun bereberearen te berdea eta hainbat haur eta gazteren gorputza hennaz marraztutako irudiez edertu zen. Gogoan dut gaur egun Niessengo plaza den horretan, eraikuntza berria egin aurretik, eta tximinia erraldoiaren inguruan antolatu genuen “Gu Lau” ikuskizuna: 50 artista oholtza gainean, gaueko hamarretan, 300 pertsona ikusle, hotz handia eta emanaldi guztia inor altxatu eta ospa egin gabe. Eta nola Herrien Astean egindakoak? Lau txamanen kalejira, Udalaren Osoko Bilkura simbolikoa, Munduko Futbol Txapelketa (Zein pasioa Damian Iancu-rena), Etorkinez betetako autobusa, Melillako hesiaren irudikapena, Lampedusako mosaikoa …
Nire kartelak ere, ehundaka ikusi dituzue paretetan edo erakuslehiotan zintzilik, dendarien laguntza abegikorrarekin. Ehundaka artista desberdinek egindako kartelak, eder askoak askotan, sinpleagoak bestetan, ekimen desberdinen berri ematen (Herrien Astea, hitzaldiren bat, musika-antzerki emanaldiak, Poesiaren Asteak eta Uneak, Eztena teatro egunak, Lupa dokumentalen mostra, Letren kilimak,Kiliamuak, Zine Txiroak ,feminismoa, ekologiari buruzko zinemalditxoak, Sahara, Palestina, Colombia, Cuba, Bosnia…).
Alamedan aurkituko duzute  mosaiko berezia nik-guk egina: Lampedusaren asesinatze miserablean hildako etorkinen omenez, idatzi honekin: “Harresirik gabeko Euskal Herria”.
Eta gure herritik kanpora ere egin dut nire bidaitxoak. Lehenik euskal herriko txoko askotako kultur sortzaileekin harremanak izan ditugu, herri askotan izan gara eta deitu gaituzten komunikabideetan ere, geure esperientzia kontatzen. Bainan haratago ere izan gara Senegalen eta Ecuadorren, hango herri indioekin eta herri yola eta wolofekin harreman estuak josiz. Eta aldi berean harremanetan jarri gara urrutiko herrietako eta kulturetakoak izanda, geure artean bizi diren herritarrekin: Trifonia, Amina Ben el Hossalem, Ahmet, Halyna, Kurina, Caiza Txicaiza, Humberto Ajala, Nadia, Shek, Chulungtsetse, Sandra…
20 urte hauetan saiatu naiz kultura kritikoaren auspoa izaten. Sormena norberarena, indibiduala eta aldi berean kolektiboa esperimentatzen saiatu naiz. Sormen-disziplina desberdinak elkarri elikatzen. Beti ere pentsatuz gure arte-lanik ederrena lagun arteko harremanen bizipen gozotsua eta magiko ere batzutan esperimentatzea dela. Ibili gara merkatuaren atzaparretik ihes egiten eta erakunde politikoetatik erabat automo jokatzen. Harremanetara irekiak bainan geure burujabetza propioari eutsiz.

Hogei urte hauetan euskalduna izan naiz, eta euskaratik munduko beste hizkuntza eta kulturetara irekia. Euskaraz bizi ongietorria egin diet hamaika hizkuntzei: gaztelera, frantzesa, swahilia, errumaniera, ketxua, fang, arabiera, bereberea, ukraniera, kurdoera, txinera… Denetan begirunea eskaini eta jaso egin dut. Gure kobazuloan euskarazko klaseak eman izan ditugu pasta arabierak dastatuz, gure tamborrada joaz edo dantza ukraniarrak eginez. Geure erroetatik abiatuz unibertsal jokatzen saiatu gara.

Nola esango nizueke. Ni Mikela naiz eta ikusi duzuen bezala Mikela ehundaka pertsona dira. Eta egin duguna amodioaren kabia eraikitzea, pentsamendu askearen mintegia lantzea eta laguntasuna eta oreka errotzen dituen ekimenak sustatzea besterik ez da izan.

Mila esker bere altzoan onartu gaituen Errenteriako herriari. Poz handiz ospatu genuen ekainaren 9an Mikelaren, nere eta zure eta gure, bizitzaren hogeigarren urteurrena.

Mikela


Viewing all articles
Browse latest Browse all 89

Trending Articles